Irazoqui, Urquiola, Goicoechea, Echenique, Echeverria… Zure abizena horietako bat da? Zenbat aldiz pentsatu duzu abizena euskaratu beharko zenukeela?
Udalak, Euskara zerbitzuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) elkarlanean, Euskaraz naiz leloarekin abizenak euskaraz jartzeko kanpaina abian jarri dugu. Herritarrak animatu nahi ditugu bere abizenak euskal grafiaz jartzeko urratsa egitera.
Bereziki dei egiten diegu guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratutaa geldituko zaie.
Zer egin behar da abizenak euskal grafiaz jartzeko?
Hiru urrats erraz hauek eman behar dira:
- Joan bizi zaren herriko Erregistro Zibil edo Bake Epaitegira eta esan abizenak euskaraz jarri nahi dituzula.
- Eraman agiri hauek:
- NAN originala eta haren fotokopia:
- Gurasoen NANaren fotokopia, adinez nagusia ez bazara.
- Seme-alaben NANaren fotokopia, 16 urtetik gorako seme-alabak badituzu.
- Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria: Bizi zaren herri berean inskribatuta ez bazaude.
- Errolda-agiria. Adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere bai.
- Familia-liburua eta haren fotokopia: Ezkonduta bazaude edo/eta seme-alabarik baduzu.
- Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian emanen dizuten eskaera orria zure datuekin bete.
OHARRAK:
- Tramitazioa bukatu ondotik NANa eta gainerako dokumentazioa berritu ahalko duzu.
- Gogoan izan izena aldatzeko prozedura bat egin behar dela.
Nola idazten da zure abizena euskaraz?
Normalean abizena aldatzeko eskaera egiten den bake epaitegiko edo erregistro zibileko arduradunak Euskaltzaindiak onartutako zerrendan eginen du kontsulta eta horko irizpideei jarraituko die. Baina ez da beti horrela: adibidez, Euskaltzaindiaren zerrendan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan forma desberdinak onartu izan dira (Muxika, Mujika…). Zalantza izanez gero, norberak Euskaltzaindian bertan egin dezake kontsulta. Webgunean sartuz gero (euskaltzaindia.eus), hizkuntza baliabideen atalean klikatu eta deituren atalera jo behar da.