- Mendialdea Eskualdeak Behatoki Sozioekonomikoa eratu du hainbat eragileren parte hartzearekin.
- Behatokia Mendialdeko Aktibazio Ekonomikorako Planaren gobernu, erabaki eta kontrol organo nagusia da.
- Behatokiaren sorrera eskualdeko udalek eta Cederna Garalurrek azken urte hauetan egindako ahaleginaren eta lanaren emaitza da.
- Mendialdeak eskualde bezala lan egiteko konpromezua hartzen du, hurrengo 3 urteetan jorratuko den garapen ekonomikorako plan honekin.
- Eskualdearen egituraketan eta dinamizazioan estrategikoak diren 5 sektore ekonomiko landuko dira: Elikadura osasuntsu eta jasangarria, Energia Berdearen Industria, Industria orokorrean, Turismo jasangarria eta Merkataritza eta Ostalaritza.
Hainbat eragileren eskutik 2022ko azaroaren 23an, Aranon sortu da Mendialdeko Behatoki Sozioekonomikoa. Behatoki honen funtzioa Mendialdeko Aktibazio Sozioekonomikorako Planaren gobernu, erabaki eta kontrol organo nagusia izatea da.
Mendialdea Aktibatzeko Plana azken urteotan Mendialdea eskualdeko garapen lana indartzeko egin den esfortzuaren burutzea eta jarraipena da. Mendialdea Elikadura egitasmoa martxan jartzea (2019) eskualdeko garapen dinamiketarako bultzada izan zen. Ondoren, Mimukai proiektua sortu zen eta orain, Aktibazio Plan honekin jarraitu eta indartu nahi dugu dinamika hori.
Planak eta Behatokiak lurraldea dute oinarrizko printzipio bezala, datozen urteetan eskualdearen garapena elkarlanean burutzeko lurraldeak egindako apustua izanik. Hori dela eta, lurraldeko eragileen inplikazioa bilatu da plana diseinuaren hasieratik eta 2023an martxan jarrita, inplikazio hori mantendu eta sendotu nahi da, bai erabaki estrategikoak hartzeko, baita plana denon artean aurrera eramateko. Adostasuna bilatzea, hausnartutako ebaluazioa, eta lanaren malgutasuna eta eraginkortasuna dira funtzionamendurako beharrezko osagaiak. Plana bizia eta dinamikoa da, ebaluazio jarraitua emango zaio eta ingurune sozioekonomikoa eta lurraldearen erronkak aldatzen diren heinean eguneratzen joango da. Lan honetan laguntzeko, sektore ekonomiko bakoitzerako Mahai edo Foro Iraunkorrak sortuko dira, elikadurarena salbu 2021etik martxan baitago.
Behatoki Sozioekonomikoa lurraldeko ordezkapen organo gisa eratu da eta parte hartzerik zabalena izatea nahi da, ordezkaritza publiko eta pribatuekin. Horretarako, tokiko entitateak, sektore ekonomiko desberdinetako erakundeak eta eskualdean jarduera esangarria duten erakundeak gonbidatu dira. Atxikitakoen artean momentuz, Mendialdeko 10 udalak, Plazaola Partzuergo Turistikoa, Habelarte, LeitzEko, Goiener, Kaxkabeltza, Lekunberri Mugituz, ASLANA, Mendialdeko Mankomunitatea, Araxes Garaiko Mankomunitatea, Gizarte Zerbitzuak, Euskara Mankomunitatea, INTIA, Nafar Lansarea, Cederna Garalur, etab. daude. Era berean, Behatokiak Cederna Garalur Elkartea izendatzen du planaren sustatzaile eta dinamizatzaile bezala.
Behatokiko kideek itxaropentsu begiratzen diote Plan honi, lurraldearen kohesioan eta integrazioan beste pausu bat emateko gogotsu agertzen direlarik. Bestalde, erronka handi honen aurrean aurkitzeak zalantzak eta kezkak ere eragiten ditu eta ez da gutxiagorako ere. Eskualde zabala eta hain anitza izanik, bailara bakoitzaren egoera ere oso desberdina da, batzuk, Gipuzkoara begira, beste batzuk Iruñerrira eta beste batzuk eskualdeko herri-gune bezala. Horren adierazle Arano da, Behatokiko lehen bilera honetarako aukeratutako herria eta urrunen gelditzen dena. Bilerara aurreratu diren pertsona batzuek onartu dute ez direla inoiz egon edo behin batean, aspaldi, gerturatu zirela. Arlo ekonomikoan ere berdintsu gertatzen da, egoera eta testuingurua oso desberdina delarik eta beraz, elkarrekin lan egiten hasteko abiapuntua ere horrelakoxea da.
Jakitun gara ere plan honek ez dituela eskualdeko erronka guztiak jasotzen. Sektore ekonomiko batzuk kanpoan gelditzen dira, etxebizitza, garraioa eta oinarrizko zerbitzu publikoen lanketa ere ez ditu bere baitan hartzen, halere hasiera puntua da eskualdearentzat. Plana aurrera eramaten den heinean, beste sektore edota gai batzuei ere atea irekitzeko gai izango dira eskualdeko eragileak.
Horrela da ba, Mendialdea badoala aurrera begirako pausuak ematen.